Categories
Pobreziaren-kontra-borroka

2020KO MARTXOAREN 8A EMAKUMEEN NAZIOARTEKO EGUNA

Martxoaren 8a dela eta, pobrezia eta gizarte-bazterkeriarekin konpromisoa duten hirugarren sektore sozialeko erakundeak biltzen dituen EAPN Euskadi sarearen izenean eta sareko emakume eta gizarte-bazterkeria taldearen izenean, adierazi nahi dugu eredu heteropatriarkalak sortutako desberdintasun egoerek lotura zuzena dutela emakumeen gizarte-bazterkeriarekin eta botere eta baliabideen banaketa desorekatuarekin.

Ezin dugu ahaztu gizarte-bazterkeria egoeran dauden emakumeen eta gizonen arteko arrakala zabalduz joan dela azken urteetan. Emakume izate hutsak eragin nabarmena dauka pertsonen pobrezia edo bazterkeria egoeretan; gainera, askotan, bestelako diskriminazio anitzen faktoreak gehitzen dira, hala nola jatorria, etnia, desgaitasuna, adina, eta abar). Pobrezia eta bazterkeriaren espiralean harrapatuta, emakumeek ez dute beren egoerari buelta emateko baliabide eta zerbitzu nahikorik eskura.

Hori dela eta, emakumeek pairatzen dituzten babesgabetasun eta bazterkeria egoerak salatu nahi ditugu: Gizonek baino bizi-baldintza okerragoak dituzte: Langabezia handiagoa, soldata baxuagoak, lan-baldintza okerragoak, indarkeria handiagoa, eraso gehiago, mendekotasun ekonomikoa… eta pobrezia eta gizarte-bazterkeria sakonagoak. Desberdintasun egoeren adierazpenik krudelena indarkeria matxista da. Nabarmendu nahi dugu indarkeriaren ziklotik irtetea ezinezkoa dela emakumeek independentzia ekonomikorik ez badute. Gainera, emakume asko indarkeriaren biktima izatearen ondorioz pobretzen dira, hain zuzen ere.

Oraingo honetan, gizarte-bazterkeria egoeran guraso bakarreko familien buru diren emakumeak aipatu nahi ditugu bereziki. Gaurko egunez, ezinbestekoa da errealitate hori ezagutu eta ikusaraztea. Bazterkeria-egoeran dauden emakumeak buru dituzten familien ezaugarriak honakoak izaten dira: lana, familia eta bizitza pertsonala kontziliatzeko zailtasunak; prekarietatea eta ezegonkortasun laborala; eta erakundeen babes falta.

Gainera, pobrezia eta gizarte-bazterkeria egoeran dauden emakumeek bestelako arazo gehiago izaten dituzte. Gizarte zerbitzuak eskuratzeko aukera gutxiago dituzte, gizonek baino. Baliabideetako asko ez daude haientzako pentsatuak, ez dira beren beharrizanak eta egoerak kontuan hartzen. Bazterkeria-prozesu bikoitza sortzen da: Egoerak berak dakarrena eta gizarteak ematen duen erantzuna.

Martxoaren 8an, EAPNren izenean, aldarrikatu nahi dugu genero desberdintasunak prebenitu eta desagerrarazteko neurri eta politika egokiak garatu behar direla, eta politika eta ekintza guztietan berdintasuna sustatu.