Categorías
Lucha contra la pobreza

Babes soziala emateko sistema sendo batek gizartea bidezkoago eingo du.

Berriro, EAPN Euskaditik kalera irten ginen pobrezia desagerrarazteko munduko eguna aldarrikatzeko.

Pobrezia desagerrarazteko Munduko Egunak 1987ko urriaren 17an dauka jatorria. Egun horretan, ehun mila pertsona baino gehiago elkartu ziren Trocadero plazan, Parisen, bertan sinatu baitzen 1948an Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala. Topaketa horren bidez, pobrezia, indarkeria eta gosea jasaten duten pertsonak gogoan hartu nahi izan zituzten. Bertan bildutakoek adierazi zuten pobrezia giza eskubideen urraketa bat dela eta pertsona horiekiko errespetua bermatzeko ahaleginak bildu beharra aldarrikatu zuten. Printzipio horiek egun hartan aurkitutako oroimenezko lauza batean inskribatuta daude. Mundu osoan egin dira horren kopiak, eta Nazio Batuen New Yorkeko egoitzaren lorategian ere badago bat. Ordutik, jatorri sozial, sinesmen eta egoera guztietako pertsonak urtero biltzen dira plaka horien aurrean, pobrezian bizi direnen aldeko konpromisoa eta elkartasuna berresteko.

EAPN Euskadiren helburuak:

  • Pobrezia eta gizarte-bazterkeria egoerak ikusaraztea.
  • Pobrezia eta gizarte-bazterkeria egoeretan esperientzia izan duten pertsonei beren zalantza eta kezkak proposatzen uztea, pobreziaren aurkako borroka eraginkorra izate aldera.
  • Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurka borrokatzeko neurriak aldarrikatzea, eta euskal erakundeek konpromiso argi bat hartzea.

Pobreziaren 2020ko Nazioarteko Egunean, inoiz baino konbentzituago gaude POBREZIA DESAGERRARAZTEKO konponbideak bilatzea AUKERA POLITIKOA DELA.

Europar Batzordeko presidenteak Europar Batasunaren egoerari buruzko bere lehenengo diskurtsoa eman zuen irailean, eta onartu zuen antsietate handiko garaiak izaten ari direla milioika pertsonarentzat. Jendea bere senideen osasunagatik eta beren lanbideen etorkizunagatik kezkatua dago, edo, are okerrago, hilabete amaierara nola helduko diren ez dakitelako.  

Horrela izanik, 2021erako aurrekontuetan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun saileko Pedro Azpiazuk adierazi zuen politika publikoetan ez dela murrizketarik aurreikusten. Esan zuen austeritatea ez dela bidea izango, eta gure ongizate estatua sendotzeko beharraz hitz egin zuen, krisiek sortzen dituzten desberdintasun egoerak arintzeko.

Baina COVID-19aren ondoriozko krisiaren aurretik ere, arazo batzuk antzematen ari ginen gizarte eskubideen inguruan, gure lurraldean. Krisiak are gehiago ikusarazi ditu arazo horiek, eta antzeman gabeko beste batzuk agertu dira. Pobrezia eta Gizarte Desberdintasunen inguruko Euskadiko Pobrezia eta Desberdintasun Sozialen azken Inkestaren datuen arabera (EPDS 2018):

  • Emakumeak dira pobrezia errealaren kasuen % 55.
  • Emakumea buru duten guraso bakarreko familiek pobreziaren % 30a jaso dute.
  • 172.307 pertsona (herritarren % 8) bizi ziren pobrezia egoera larrian (541,27 eurotik behera hilean).
  •  484.571 pertsona (herritarren % 22,4) bizi zen ongizaterik gabe egoteko arriskuan (hilean 811,90 euro baino gutxiagorekin).
  • 2.000 pertsonak ez zeukaten etxerik.

Gainera, COVID-19aren krisia gogor eragiten ari da haur, nerabe eta familien bizitzetan, batez ere babesgabetasun handienean bizi ziren horiengan. Beraz, haurren eskubideetan oinarritutako estrategiak erabili behar dira erantzun bat emateko. Pandemia egoerak pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotzeko arriskua dauka. Litekeena da 2008ko krisiak baino ondorio latzagoak izatea.

Aurten, talde eta mugimendu sozialekin batera antolatutako manifestazioaz gain, manifestu bateratu bat egin dugu eta alderdi politikoei proposamen zehatzen dokumentu bat bidali diegu.

IRAKURRI MANIFESTUA

IRAKURRI POBREZIA DESAGERRAZTEKO EGUNAREN PROPOSAMENAK