Bilbo. 2023ko urriaren 17a.
1992an Nazio Batuek urriaren 17a aitortu zuten pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egun modura.
Bere sorrera Frantzian dago, 1948an, Parisko Trocadero plazan 100.000 lagun baino gehiago bildu zirenean giza eskubideen eta askatasunaren alde manifestatzeko, eta pobreziaren, gosearen, indarkeriaren eta beldurraren biktimei elkartasuna adierazteko.
Gaur munduan barrena hainbat ekintza egiten dira pobreziaren amaiera eta hura jasaten duten pertsonekiko elkartasuna erreibindikatzeko.
Pobrezia egoera ikaragarria da, inork beretzat nahi ez duena, ezta bere familia nahiz adiskideentzat ere. Pobrezia gaizki bizitzea da, baldintza txarretan. Diru nahikorik ez izatea egoki bizitzeko; ezin zerbitzuak edo ondasunak eskuratzea, hileroko fakturak ezin ordaintzea, neguan berogailua ezin piztea, zure seme-alaben gastuei ezin aurre egitea, dentistarengana ezin joatea, ezin erostea arropa edo oinetakorik… eta, are gehiago, egoerarik larrienetan, bizitzeko etxe bat ere ez izatea.
NBEren aurreikuspenen arabera, munduko populazioaren %8,45 -670 milioi pertsona- muturreko pobrezia egoeran bizi da, egunean 2,15 dolar baino gutxiagorekin bizi da. Baina pobrezia ez da soilik pobretutako herrialdeen kontu bat.
Europan 161 milioi pertsona baino gehiago, hau da, biztanleriaren %21,6a, pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan bizi da -Arope adierazlea-; Espainian 12 milioi eta hirurehun mila pertsona, %26.
Euskadin pobrezia tasak txikiagoak dira estatuko eta baita Europako batezbestekoak baino. Biztanleriaren gehiengoa ondo bizi gara, bizitza kalitate egokia eta duina daukagu. Euskadik sistema publiko indartsuak eta preziatuak garatu ditu: Osasunerako eta hezkuntzarako eskubide unibertsalaz gain, Euskadik diru-sarreren bermerako, inklusiorako eta etxebizitzarako eskubide subjektiboak gehitu ditu.
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken datuek diotenez, pobrezia errealaren adierazlearen arabera, EPDS metodologikoak erabiltzen duena, euskal biztanleriaren gehiengoa, %90ak baino gehiago, ongizate egoeran eta are ongizate beteko egoeran bizi da. Zentzu horretan inoiz lortutako daturik onenak dira.
Baina, era berean, euskal biztanleriaren zati batek ez du bizitza kalitate hori, ez dauzka eskubide horiek.
• 3.300 pertsona baino gehiagok ez dauka etxerik.
• 100.000 lagun baino gehiago pobrezia egoera larrian bizi da, Eurostat adierazleen arabera.
• 422.000 lagun baino gehiago pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan dago, AROPE adierazlearen arabera.
Pobreziak gehien kaltetzen dituen kolektiboak dira Europakoak ez diren pertsona migratzaileak, ama soilik duten familiak, lan ezegonkorrak dituzten pertsonak… Irudi lezake ez direla pertsona asko, kontuan hartzen dugun adierazlearen arabera; baina, zalantzarik gabe, beren egunerokoan kudeatu behar dituzten sufrimendu egoerak ugariak dira.
Pobrezia ez da zerutik datorren madarikazioa, ez da erremediorik ez duen zerbait. Pobrezia da egitura sozioekonomikoaren ondorioa, produkzio eredu batena, kapitalismoa, bazterkeria eta pobrezia ugari eragiten duena. Gizarte osoa inplikatuta dago pobreziaren murrizketan.
EAPNek pobrezia desagerraraztea nahi du, pobrezia amaitzea, garapen jasangarriaren agendako 1. Helburuak ezartzen duen moduan. Euskal gizarte modura honakoan egin behar dugu lan:
• Epe luzera: 0 pobreziaren xedearekin, bidezkoagoa eta solidarioagoa izango den eredu ekonomiko batean pentsatuz.
• Epe ertainera: Basque Country 2030 agendan ezarrita dauden helburuekin. Pobrezia erdira jaistea.
• Epe laburrera: Sistema publikoen prestazio ezberdinetarako sarbidea bermatuz eta ahalbidetuz haiek behar dituzten pertsona guztiei: BGD, DBE, Etxebizitzarako prestazio osagarria, eta abar.
Gizarte bat ez da duina ezta bidezkoa izango ere bere biztanleriaren zati bat pobrezian bizitzea onartzen badu. Pobreziarekin amaitzeak guztiok inplikatzen gaitu, administrazioari eta gizarte zibilari.
Helburuak 0 pobrezia izan behar du. Jar ditzagun behar diren baliabideak eta egin ditzagun behar diren ahaleginak epe ertainera Agenda 2030en helburua betetzeko. Lor dezagun helburu unibertsalak eta subjektiboak eskuragarriak eta errealak izatea pertsona guztientzat.