Categories
Pobreziaren-kontra-borroka

SORAIA CHACÓN DA EUSKADIKO HIRUGARREN SEKTORE SOZIALEKO SAREEN SAREKO PRESIDENTE BERRIA

Batzar Nagusiak aho batez onartu du datozen hiru urteetarako Zuzendaritza Batzordea berritzea.

EHLABEko Pablo Moratallak presidenteorde kargua izango du, eta elkarteak hirugarren sektore soziala indartzeko eta kohesionatzeko lanarekin jarraituko du.

Hirugarren Sektore Soziala irabazi-asmorik gabeko herri-ekimeneko erakundeek osatzen dute eta pertsona guztien eskubideak modu eragingarrian erabili ahal izaten bultzatzea da bere helburua.

Azken Batzar Nagusian, Sareen Sareak Zuzendaritza Batzordea berritzea onartu du, hiru urtean behin karguak berritzeko estatutu-agindua betez. Horrela, beste sare eta pertsona batzuei erreleboa eman zaie eta gure elkartearen funtzionamendu anitzarekin jarraituko da.

Soraia Chaconek, orain arte Harresiak Apurtuzeko ordezkaria Zuzendaritza Batzordean eta sareko presidenteordea azken hiru urteetan, Sareen Sareko presidente kargua hartuko du hurrengo hirurtekoan, Hirekin sareko Borja Dovalen ordez. EHLABEko Pablo Moratalla izango da elkarteko presidenteorde berria.

Etapa berri honetan erakundeko idazkaritzako eta diruzaintzako karguak ere berritu dira. Horrela, Mª José Cano (Euskadi Buru Osasuna-Fedeafes) izango da Sareen Sareko idazkari berria, lehenago ONCEko José Antonio Pérezek bete du kargu hori. Sarearen diruzaintzaren buru Celia Gómez (Lares Euskadi) izango da eta hark hartuko dio lekukoa Mª José Canori.

Hautagaitzak Batzar Nagusiaren aho bateko babesa izan du eta Borja Doval presidente ohiak sareen sarean egindako ibilbide osoan egindako lana eskertu da saioan.

Zuzendaritza Batzorde berriak aurreko taldeak egindako lanari jarraipena emango dio, eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala kohesionatzeko eta indartzeko lanean jarraituko du. Era berean, Chaconek Borja Dovalen eta Zuzendaritza Batzordeko gainerako ordezkarien lana eskertu du. Soraia Chaconek Sareen Sarea osatzen duten erakundeen aniztasuna nabarmendu du, elkar ulertzeko eta sektorea sendotzeko elkartearen indarguneetako bat den aldetik.

Sareen Sarea eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala

Sareen Sarea elkartea 2014an sortu zen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 17 erakunde-sare biltzen ditu. Horiek guztiek hainbat esparru jorratzen dute: desgaitasuna, gizarteratzea, familia, adinekoak, haurrak, etorkinak, enplegurako zentro bereziak, ekonomia soziala, lan-munduratzeko enpresak edo garapenerako laguntza.

Hirugarren Sektore Soziala irabazi-asmorik gabeko herri-ekimeneko erakundeek osatzen dute eta helburua da gizarteratzea eta zaurgarritasuneko edo bazterkeriako, babesgabetasuneko, desgaitasuneko eta/edo mendekotasuneko egoerak bizi dituzten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideak modu eragingarrian erabili ahal izaten bultzatzea.

Egun, 4.000 erakundetik gora osatzen dute, 40.000 lanpostu sortzen ditu, 160.000 boluntario baino gehiago daude eta Euskadiko % 2,4ko BPGren1 baliokidea den bolumena kudeatzen du.