
2025eko MARTXOA-EKAINA
Joan den martxoaren 21ean, EAPN Euskadik “Hirugarren sektorearen erronkak eta aukerak etxebizitzan: ikuspegi komun baterantz” hausnarketa estrategikoko jardunaldia egin zuen, Euskadiko etxebizitza-politiketan eragile estrategiko gisa Hirugarren Sektorea sendotzeko bidean aurrera egiteko funtsezko topaketa.
Jardunaldia sareko Etxebizitza eta Etxegabetasun Taldeak antolatu zuen, eta EAPN Euskadiko erakundeak bildu zituen helburu argi batekin: egungo egoera diagnostikatzea, ikuspegi partekatu bat eraikitzea eta etxebizitzaren eremuan esku-hartze soziala indartzeko ibilbide-orri komun bat zehaztea.
Prozesu parte-hartzailea eta zorrotza
Jardunaldia prestatzeko, informazioa biltzeko aldez aurreko lan bat egin zen, erakunde kideei zuzendutako galdetegi baten bidez, kudeatutako etxebizitzen bolumena, mota eta edukitze-erregimena, eskainitako zerbitzuak, finantzaketa-iturriak eta erakundeek nahiz erabiltzaileek antzemandako zailtasun nagusiak ezagutzeko.
Jardunaldian zehar, Aitor Ipiñak (EAPN Euskadiko presidentea) eta Miren Leiceagak (sareko idazkaria eta etxebizitza taldeko arduraduna) ongietorri instituzionala egin ondoren, hiru txosten inspiratzaile aurkeztu ziren:
- Alokabideko Leire Álvarez de Eulatek Hirugarren Sektoreak Euskadin duen zereginari buruzko ikuspegi instituzionala eman zuen.
- Kataluniako Habitat 3 ekimeneko Xavier Maurik hirugarren sektoretik etxebizitza sozialen kudeaketan izandako esperientzia arrakastatsua partekatu zuen.
- Provivienda enpresako Gemma Gallardok esku hartzeko eta kudeatzeko ereduei buruzko ikuspegi estatala eskaini zuen.
Ondoren, talde fokaletan lan egin zen, parte hartu zuten erakundeen ahotsak eta esperientziak hiru ardatz nagusiren inguruan biltzeko:
Hirugarren sektoreak etxebizitzan dituen erronkak eta aukerak: hainbat erronka identifikatu ziren, hala nola etxebizitza eskuragarrien eskasia, sektorea ikusarazteko beharra, erakundeen arteko koordinaziorik eza edo higiezinen arrazakeria. Beste aukera batzuk ere nabarmendu ziren, hala nola lehendik dagoen kudeaketa-gaitasuna, elkarrizketarako irekitasun instituzionala eta plataforma bateratu bat sortzeko aukera.
Lankidetza-estrategiak: profesionalizazio handiago baterantz aurrera egitea, diagnostikoak eta datuak partekatzea, kudeaketa- eta finantzaketa-eredu berritzaileak aztertzea eta sektoreari modu bateratuan jardutea ahalbidetuko dioten aliantza sendoak eraikitzea proposatu zen.
EAPN Euskadiren zeregina: sareak estategian izan zezakeen rolari buruzko galderak egin ziren.
Hirigintza eta Etxebizitza Foroan parte hartzea
Aldi berean, EAPN Euskadik aktiboki parte hartu du Eusko Jaurlaritzaren Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren lankidetza-ereduen eta finantzaketa publiko-pribatuaren berrikuntzari buruzko lantaldean. Lan horren emaitza gisa, gomendioen txosten bat argitaratu da. Txosten horretan, Hirugarren Sektoreko housing associations edo fundazioak alokairu eskuragarriko etxebizitzen sustatzaile eta kudeatzaile gisa garatzeko beharra nabarmentzen da.
Proposamen hori txostenaren 2.1 gomendioan jasotzen da, eta hirugarren sektoreak kolektibo kalteberei, malgutasun handiagoarekin eta bizitegi-larrialdiko egoeretan erantzuteko gaitasun handiagoarekin, bizitegi-irtenbideak eskaintzeko duen ahalmena aitortzen du.
Etorkizunerako urrats sendoa
Martxoaren 21eko jardunaldia ez zen amaiera-puntu bat izan, prozesu kolektibo baten hasiera baizik. Prozesu horrek Euskadiko Hirugarren Sektorearen ahotsa, eragin-gaitasuna eta ekintza koordinatua indartu nahi ditu etxebizitzaren arloan. EAPN Euskadin, bide hori sendotzeko lanean jarraituko dugu, ziur baikaude lankidetzatik, ezagutza partekatutik eta justizia sozialarekiko konpromisotik soilik bermatu ahal izango dugula pertsona guztiek etxebizitza duina izateko eskubidea.