Categories
Pobreziaren-kontra-borroka

EUSKADIREN PARTAIDETZARI BURUZKO IX. TOPAKETA EGIN DUGU EUSKO JAURLARITZAN

Vitoria-Gasteiz. 2024ko ekainaren 6a.

Joan den ekainaren 6an, EAPN Euskadiren IX. Parte-hartze Topaketa egin zen Gasteizen.

Oraingoan, 80 parte-hartzaile inguruk, sareko Parte-hartze Taldea osatzen duten erakundeetakoek, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko ordezkariekin eta teknikariekin elkartzeko eta eztabaidatzeko gune bat partekatzeko aukera izan zuten, bereziki, Matxalen Lauzirika, Herritarrak Hartzeko eta Zerbitzu Digitaletako Zuzendaritzari, eta Miren Martiarena, Gobernu Irekiko Zuzendariari esker.

Topaketaren helburua Eusko Jaurlaritzan herritarren parte-hartzea nola egituratzen den bertatik bertara ezagutzea eta horri buruzko iritzia ematea izan zen, hobetzeko proposamenak eginez. Topagune horretan, herritarrek parte hartzeko estrategia, kanalak, jarduerak eta abar partekatu dituzte erakundeek, bertaratutako publikoari egokituta, eta parte hartzaileek jakin ahal izan dute zer proposatzen duen erakundeak, eta iritzia eman ahal izan dute horri buruz, oro har, eta beren interes eta beharretara nola egokitzen den; eta, azkenik, zenbait hobekuntza proposatu ahal izan dituzte, beren esperientzien arabera.

Bileran, Olatz Garamendi sailburuaren ongietorria izan zen, baita Jon Urbina sailburuordea eta saileko zuzendari eta teknikari ugari ere, zehazki, aipatutako bi zuzendaritzetakoak, parte-hartzaileek iritziak eta proposamenak entzun baitzituzten, baita haiekin eztabaidatu ere.

Berria IREKIAn: Garamendik erakundeen eta gizarte elkarteen arteko “adostutako ekintzen” alde egin du gizarte bazterkeriari aurre egiteko

Categories
Pobreziaren-kontra-borroka

EAPN EUSKADIK POBREZIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA OSPATU DU ERRONKA BATEKIN: POBREZA 0 – ZERO POBREZIA

Bilbo. 2023ko urriaren 17a.

1992an Nazio Batuek urriaren 17a aitortu zuten pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egun modura.

Bere sorrera Frantzian dago, 1948an, Parisko Trocadero plazan 100.000 lagun baino gehiago bildu zirenean giza eskubideen eta askatasunaren alde manifestatzeko, eta pobreziaren, gosearen, indarkeriaren eta beldurraren biktimei elkartasuna adierazteko.

Gaur munduan barrena hainbat ekintza egiten dira pobreziaren amaiera eta hura jasaten duten pertsonekiko elkartasuna erreibindikatzeko.

Pobrezia egoera ikaragarria da, inork beretzat nahi ez duena, ezta bere familia nahiz adiskideentzat ere. Pobrezia gaizki bizitzea da, baldintza txarretan. Diru nahikorik ez izatea egoki bizitzeko; ezin zerbitzuak edo ondasunak eskuratzea, hileroko fakturak ezin ordaintzea, neguan berogailua ezin piztea, zure seme-alaben gastuei ezin aurre egitea, dentistarengana ezin joatea, ezin erostea arropa edo oinetakorik… eta, are gehiago, egoerarik larrienetan, bizitzeko etxe bat ere ez izatea.

NBEren aurreikuspenen arabera, munduko populazioaren %8,45 -670 milioi pertsona- muturreko pobrezia egoeran bizi da, egunean 2,15 dolar baino gutxiagorekin bizi da. Baina pobrezia ez da soilik pobretutako herrialdeen kontu bat.

Europan 161 milioi pertsona baino gehiago, hau da, biztanleriaren %21,6a, pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan bizi da -Arope adierazlea-; Espainian 12 milioi eta hirurehun mila pertsona, %26.

Euskadin pobrezia tasak txikiagoak dira estatuko eta baita Europako batezbestekoak baino. Biztanleriaren gehiengoa ondo bizi gara, bizitza kalitate egokia eta duina daukagu. Euskadik sistema publiko indartsuak eta preziatuak garatu ditu: Osasunerako eta hezkuntzarako eskubide unibertsalaz gain, Euskadik diru-sarreren bermerako, inklusiorako eta etxebizitzarako eskubide subjektiboak gehitu ditu.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken datuek diotenez, pobrezia errealaren adierazlearen arabera, EPDS metodologikoak erabiltzen duena, euskal biztanleriaren gehiengoa, %90ak baino gehiago, ongizate egoeran eta are ongizate beteko egoeran bizi da. Zentzu horretan inoiz lortutako daturik onenak dira.

Baina, era berean, euskal biztanleriaren zati batek ez du bizitza kalitate hori, ez dauzka eskubide horiek.

• 3.300 pertsona baino gehiagok ez dauka etxerik.
• 100.000 lagun baino gehiago pobrezia egoera larrian bizi da, Eurostat adierazleen arabera.
• 422.000 lagun baino gehiago pobrezia eta gizarte bazterkeria arriskuan dago, AROPE adierazlearen arabera.

Pobreziak gehien kaltetzen dituen kolektiboak dira Europakoak ez diren pertsona migratzaileak, ama soilik duten familiak, lan ezegonkorrak dituzten pertsonak… Irudi lezake ez direla pertsona asko, kontuan hartzen dugun adierazlearen arabera; baina, zalantzarik gabe, beren egunerokoan kudeatu behar dituzten sufrimendu egoerak ugariak dira.

Pobrezia ez da zerutik datorren madarikazioa, ez da erremediorik ez duen zerbait. Pobrezia da egitura sozioekonomikoaren ondorioa, produkzio eredu batena, kapitalismoa, bazterkeria eta pobrezia ugari eragiten duena. Gizarte osoa inplikatuta dago pobreziaren murrizketan.
EAPNek pobrezia desagerraraztea nahi du, pobrezia amaitzea, garapen jasangarriaren agendako 1. Helburuak ezartzen duen moduan. Euskal gizarte modura honakoan egin behar dugu lan:

• Epe luzera: 0 pobreziaren xedearekin, bidezkoagoa eta solidarioagoa izango den eredu ekonomiko batean pentsatuz.
• Epe ertainera: Basque Country 2030 agendan ezarrita dauden helburuekin. Pobrezia erdira jaistea.
• Epe laburrera: Sistema publikoen prestazio ezberdinetarako sarbidea bermatuz eta ahalbidetuz haiek behar dituzten pertsona guztiei: BGD, DBE, Etxebizitzarako prestazio osagarria, eta abar.

Gizarte bat ez da duina ezta bidezkoa izango ere bere biztanleriaren zati bat pobrezian bizitzea onartzen badu. Pobreziarekin amaitzeak guztiok inplikatzen gaitu, administrazioari eta gizarte zibilari.

Helburuak 0 pobrezia izan behar du. Jar ditzagun behar diren baliabideak eta egin ditzagun behar diren ahaleginak epe ertainera Agenda 2030en helburua betetzeko. Lor dezagun helburu unibertsalak eta subjektiboak eskuragarriak eta errealak izatea pertsona guztientzat.

Pobreziaren eguna ospatzeko bideoa EUSKARAZ

Categories
Pobreziaren-kontra-borroka

EAPN EUSKADIK URTEKO OHIKO BATZARRA EGIN DU DONOSTIAN

Donostia. 2024ko maiatzaren 21a

Joan den maiatzaren 21ean, EAPN Euskadik urteko bazkide diren erakundeen ohiko batzarra egin zuen. Oraingoan, Donostia aukeratu zen sareko erakundeekin lan egiteko eta parte hartzeko gune hori partekatzeko. Zehazki, Kutxa Kultur Aretoaren espazioak erabili ziren, Tabakalerako Eraikineko 4. solairuan.

Aitor Ipiña lehendakariak eta Miren Leiceaga idazkariak ongietorria egin ondoren, EAPN Euskadiko egungo Zuzendaritza Batzordeko gainerako kideek oroigarri eta agur labur bat egin zuten.

Ondoren, 2023ko sarearen gai garrantzitsuen berri eman zen, baita 2024rako aurreikuspenen berri ere, eta bozketak egin ziren. Hona hemen bilerako gai-zerrenda:

  1. Mahaia eratzea
  2. CEAR sartzeko eskaera
  3. Aurreko bilkurako akta
  4. 2023ko kudeaketa-txostena
  5. 2023ko kontu-txostena
  6. 2024ko Kudeaketa Plana
  7. 2024rako aurrekontua
  8. Hainbat
  9. Galde-eskeak

Hainbat erakunderi dagokienez, LANBIDErekiko lankidetza-proiektua azaldu zen, eta gogorarazi zen 2025ean EAPN Euskadiko Zuzendaritza Batzorderako hauteskundeak egin behar direla.

Amaitzeko, topaketa-gune bat eskaini zen parte hartzen duten erakunde guztiekin.

Categories
Pobreziaren-kontra-borroka

SORAIA CHACÓN DA EUSKADIKO HIRUGARREN SEKTORE SOZIALEKO SAREEN SAREKO PRESIDENTE BERRIA

Batzar Nagusiak aho batez onartu du datozen hiru urteetarako Zuzendaritza Batzordea berritzea.

EHLABEko Pablo Moratallak presidenteorde kargua izango du, eta elkarteak hirugarren sektore soziala indartzeko eta kohesionatzeko lanarekin jarraituko du.

Hirugarren Sektore Soziala irabazi-asmorik gabeko herri-ekimeneko erakundeek osatzen dute eta pertsona guztien eskubideak modu eragingarrian erabili ahal izaten bultzatzea da bere helburua.

Azken Batzar Nagusian, Sareen Sareak Zuzendaritza Batzordea berritzea onartu du, hiru urtean behin karguak berritzeko estatutu-agindua betez. Horrela, beste sare eta pertsona batzuei erreleboa eman zaie eta gure elkartearen funtzionamendu anitzarekin jarraituko da.

Soraia Chaconek, orain arte Harresiak Apurtuzeko ordezkaria Zuzendaritza Batzordean eta sareko presidenteordea azken hiru urteetan, Sareen Sareko presidente kargua hartuko du hurrengo hirurtekoan, Hirekin sareko Borja Dovalen ordez. EHLABEko Pablo Moratalla izango da elkarteko presidenteorde berria.

Etapa berri honetan erakundeko idazkaritzako eta diruzaintzako karguak ere berritu dira. Horrela, Mª José Cano (Euskadi Buru Osasuna-Fedeafes) izango da Sareen Sareko idazkari berria, lehenago ONCEko José Antonio Pérezek bete du kargu hori. Sarearen diruzaintzaren buru Celia Gómez (Lares Euskadi) izango da eta hark hartuko dio lekukoa Mª José Canori.

Hautagaitzak Batzar Nagusiaren aho bateko babesa izan du eta Borja Doval presidente ohiak sareen sarean egindako ibilbide osoan egindako lana eskertu da saioan.

Zuzendaritza Batzorde berriak aurreko taldeak egindako lanari jarraipena emango dio, eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala kohesionatzeko eta indartzeko lanean jarraituko du. Era berean, Chaconek Borja Dovalen eta Zuzendaritza Batzordeko gainerako ordezkarien lana eskertu du. Soraia Chaconek Sareen Sarea osatzen duten erakundeen aniztasuna nabarmendu du, elkar ulertzeko eta sektorea sendotzeko elkartearen indarguneetako bat den aldetik.

Sareen Sarea eta Euskadiko Hirugarren Sektore Soziala

Sareen Sarea elkartea 2014an sortu zen eta Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko 17 erakunde-sare biltzen ditu. Horiek guztiek hainbat esparru jorratzen dute: desgaitasuna, gizarteratzea, familia, adinekoak, haurrak, etorkinak, enplegurako zentro bereziak, ekonomia soziala, lan-munduratzeko enpresak edo garapenerako laguntza.

Hirugarren Sektore Soziala irabazi-asmorik gabeko herri-ekimeneko erakundeek osatzen dute eta helburua da gizarteratzea eta zaurgarritasuneko edo bazterkeriako, babesgabetasuneko, desgaitasuneko eta/edo mendekotasuneko egoerak bizi dituzten pertsonen, familien, kolektiboen eta komunitateen eskubideak modu eragingarrian erabili ahal izaten bultzatzea.

Egun, 4.000 erakundetik gora osatzen dute, 40.000 lanpostu sortzen ditu, 160.000 boluntario baino gehiago daude eta Euskadiko % 2,4ko BPGren1 baliokidea den bolumena kudeatzen du.

Categories
Pobreziaren-kontra-borroka

EAPN EUSKADIK GASTEIZEN EGIN DU URTEKO BATZARRA.



Rosa, Iñaki eta Belida, EAPN ESren Parte-hartze Topaketan parte hartu dute Itxaso Bilbao eta Aitor Ipiña, EAPN Euskadiko presidenteorde eta presidentea, Nerea Melgosarekin, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin

2023ko ekainaren 20an

Joan den ekainaren 20an, EAPN Euskadik urteko batzarra egin du Gasteizen. Batzarrak 2022ko jarduera-memoria eta kontuak nahiz 2023ko ekitaldirako kudeaketa-plana eta aurrekontua onartu ditu.

Era berean, partaidetzaren esparruan egindako lanaren berri eman diegu bazkide diren erakundeei, eta Intzidentzia Erregistroa ezartzen jarraitzeko beharra gogorarazi diegu erakundeei. EAPN Euskadiren berezko tresna bat, pertsonek sistema publikoetan (osasuna, hezkuntza, enplegua, gizarte-zerbitzuak, bankuak, etab.) aurkitzen dituzten eta beren eskubideak baliatzea eragozten dieten arazoak biltzeko balio diguna.

Gainera, Toledon parte hartzeko Estatuko topaketan parte hartu zuen ordezkaritzak ekitaldi horren berri eman dio batzarrari, eta erakundeei eskatu die pertsonek bizitzako esparru guztietan parte har dezaten sustatzen eta gaitzen jarraitzeko.

Amaitzeko, Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Eusko Jaurlaritzak Elkarrizketa Zibilaren eta pertsonek eragiten dieten politiketan parte hartzeko duten eskubidearen alde duen jarrera berretsi zuen.